Zarata isiltzeko irtenbide bila

Asier Arrate Iruskieta 2017-09-07

Moma diskotekaren eta bizilagunen arteko gatazka konpontzeko bitartekaritzaren alde egin du Bilboko Udalak. Bizilagun guztiek ez dute bat egin prozesuarekin.

Gaueko aisialdiak Bilboko erdigunean sortutako zarata gai arantzatsua izan da bizilagunen, ostalarien eta udalaren artean. Rodriguez Arias, Barrenkale eta Uribitarte kaleetako diskoteka eta tabernek ehunka pertsona erakartzen dituzte asteburuero, eta bertako bizilagunek «zarata eta arazoak» sortzen dituztela salatu dute hainbatetan. Eztabaida udalera ere iritsi da, eta gaueko aisialdia arautzeak aurrez aurre jarri ditu udala eta oposizioko alderdiak.

Gaueko aisialdi guneetako bateko gatazkari irtenbidea bilatzeko asmotan, Moma diskotekaren kasua hain zuzen ere, udalak bitartekaritza prozesu bat abiatu zuen martxoan. Adostutako estrategia hau, oraingoz, soilik Momaren kasurako da, baina udalak azaldu du beste gune batzuk identifikatzen jarraituko duela, eta etorkizunean antzeko gatazkak agertuz gero, posible izan litekeela mekanismo bera ezartzea.

Urtarrilean zabaldu zuten Moma dantzalekua Rodriguez Arias kalean, eta lehen egunetik bizilagunen eta jabeen arteko gatazka piztu zen. Martxotik aurrera, bitartekaritza prozesuaren barruan, bizilagunak, diskotekaren jabeak eta udala zazpi aldiz bildu dira, eta ekainean bukatu zituzten negoziazioak. Irailaren 7an, diskoteka berrabiaraztearekin batera —itxita egon baita lau astez zigor baten ondorioz—, jarriko dituzte martxan bitartekaritza prozesuan adostutako neurriak.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, gatazkari irtenbidea emateko udalak bizilagun eta diskotekaren jabeekin adostutako «erantzun koordinatua» da neurria. Ines Ibañez de Maeztu Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziondokoak nabarmendu duenez, udaleko hainbat sail eta diskoteka «koordinatuta» arituko dira. Zinegotziak adierazi du espero duela modu horretan diskotekaren barruko eta kanpoko zaratek sortutako kexei irtenbidea ematea. Udalak kanpoko inpaktu akustikoaren etengabeko ebaluazioa egingo du hurrengo zazpi hilabeteetan. Udaltzaingoak sentsibilizazio eta jardute kanpaina bat jarriko du martxan diskotekaren inguruan eragin handieneko orduetan, eta Gazteria eta Kirol Saileko hezitzaileek sentsibilizazio kanpaina bat abiatuko dute osasuntsuak diren eta herritarrekin elkarbizitza ahalbidetzen duten aisialdi ereduak sustatzeko. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, garbitzaileek kalearen garbiketa areagotu eta garbiketa ordutegia aurreratuko dute.

Moma dantzalekuak, berriz, konpromisoa hartu du bere eraginpeko aldean gaueko aisialdiak eragiten dituen eragozpenak gutxitzeko. Besteak beste, kaleko ilara kontrolatuko du zintak baliatuz, Ezin da sartu dioen zigilua jarriko diete kalean txiza egin edo zarata sortzen duten erabiltzaileei, eta kalea garbitzeko ardura partekatuko dute udaleko garbitzaileekin. Horrez gain, dantzalekura sartzeko azken ordua 02:00etara aurreratuko dute.

Bitartekaritza prozesu luzea

Bitartekaritza talde batek zuzendu ditu elkarrizketak. Negoziazioek iraun duten bitartean, alde bakoitzak bere proposamen eta kexak mahaigaineratu ditu. Ekainean egin zuten azken bileran batu zituzten aurreko hilabeteetan adostutako betebeharrak. Urte bukaerara arte iraungo duela azaldu du Ibañez de Maeztuk, eta hortik aurrera «bere kabuz» jarraitu beharko duela.

Rodriguez Arias kaleko 130 etxebizitzatik 41 bizilagunek hartu zuten parte. Zinegotziak eskertu du haien parte hartzea, baina onartu du normala dela jendeak zalantzak izatea tankerako prozesuek izan dezaketen eraginkortasunaren inguruan. Berez, bizilagun batzuek bitartekaritza prozesuan parte hartu badute ere, guztiak ez daude ados emaitzarekin eta prozesuarekin. Rodriguez Ariaseko Kaltetuak taldeak komunikatu baten bidez adierazi du «18.000 euro xahutzeko bakarrik» balio izan duela udalaren bitartekaritza prozesuak. Ezkor agertu dira bizilagunak prozesuan adostutakoarekin: «Ez dugu uste udalak hartutako erabakiek ezer aldatu dutenik». Salatu dutenez, udalak ez du berdin jokatzen Bilboko gaueko beste aisialdi gune batzuekin. Gaineratu dute Rodriguez Ariaseko arazoak bi jatorri dituela: barneko zarata eta kalean sortzen dena. Taldeak eskatu du udalak araudia bientzako ezartzea, eta, ezin bada, araudi berria adostea.

Taldearen kritiken inguruan, Ibañez de Maeztuk adierazi du udalak araudia «beti» betearazi duela, eta jaso dituen kexa guztietan isunak ezarri dituztela. Hala ere, onartu du kalean zarata handia dagoenean zailagoa dela araudia ezartzea: «Kasu horretan gabezia bat dago udal araudian. Espazio publikoa da, udalaren kontrolpean dago, baina aplikazioa zaila da». Oraingoz, arazo horren aurrean zinegotziak uste du onena «erantzun koordinatua» abiatzea dela. «Ebaluazioa bukatutakoan ikusten badugu ez dela nahikoa, aztertuko dugu udal arautegia garatzea beharrezkoa den».

Hiriko zarata identifikatzen

Zaratak hirian eragindako arazoak ez dira soilik gaueko aisialdiak sortutakoak. Horiek guztiak identifikatzeko, udalak urte hasieran abiatu zuen Bilborako soinu estrategia. Abenduan bukatuko dute identifikazio lana, eta, Ibañez de Maeztuk aurreratu duenez, zaratak Bilbon eragindako arazo handienak trafikoak eta trenbide sareak sortutakoak dira. Zinegotziak zehaztu duenez, herritarrengandik jasotako kexei esker identifikatu zuten besteak beste Moma diskotekaren inguruan sortutako gatazka.

Beste hiri batzuetan ere zarata guneak identifikatu eta neurtzeko prozesuak abiatu dituzte azken urteotan. Gasteizko Udalak maiatzean jakinarazi zuen zarataren mapa bat osatuko duela. Gorka Urtaran alkateak adierazi zuenez, «ezinbestekoa» da zarata neurtzea, «bereziki gaueko aisialdiko lekuak eta terrazak dituzten guneetan». Donostiako Udalak 2012an osatu zuen hiriko mapa akustikoa eta zarata arazoak zituzten auzoetan Babes Akustiko Berezidun Guneak ezartzea erabaki zuen. Zarataren aurkako estrategiak 2018 arte iraungo du.

berriaB

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.