Iruñea (Mallorca)

Hedoi Etxarte 2017-10-28

Tronpatzeko beldurrik gabe idatz dezakegu: Herrialde Katalanen zati bat Errepublika bat da jada. Baina ez guztia. Mallorca, oraingoz, Espainiako Erreinuaren parte da. Mallorca eredu izan beharko litzateke Hegoaldeko politikako eta mugimendu sozialetako eremu askotan. 2012ko azaroan 122 eskola eta institutu itxi zituzten Bauzàren murrizketen kontra. Ingelesa ezartzearen kontra. Katalana baztertzearen kontra. LOMCEren kontra. Estatuko mobilizazio nabarmenenak han izan ziren. Imitatzeko beste arrazoi bat: 2014an PPk aurrera atera zuen Llucmajor-Campos autopista —42 milioiko inbertsio bat minutu bat eta 48 segundo azkarrago bidea egiteko, aurten PSIBek, MÉSek eta Podemek aurrera ateratzeko botoi berdea eman zioten. Bada ekologistek borrokan jarraituko dute, autopista egin ez dadin. Kulturaren zaleok ere badugu zuzenean zer kopiatua —Rata Corner ala Autsaider argitaletxea, adibidez—.

Edonola ere, Mallorca eredu zerbaitetan bada, turismoaren aferan da. Eredugarriak dira Ciutat Per Qui Habita mugimendua, Tot inclòs-en argitalpenak, @terraferida-ren pedagogia eta salaketa. Oraingoz, bere txikian dauzkagu mugimenduko Iruñerrian: Alde Zaharrean Bizi elkartea, Iruñeko gaztetxeko jendea, berriki egin den Airbnbren azterketa. Baina gehiago behar dugu. Iruñeko Alde Zaharrera datorkiguna Magaluf delako: balconing egiten den infernu hori. Gurean Unzu Hostel izena dauka. Hiriaren sanferminizazioan sakontzeko: ostegunetik igandera. Hiriko hirugarren makro-aterpea izango da 277 tokirekin.

«Mozkorren turismoa» mundu osoan ari da hedatzen. Geure esku dago salaketa egitea. Hiri eredua zuztarretik aldatzea: ikerketekin, mobilizazioekin, hautetsiei erantzukizuna eskatzen. Gaztetxeko kide batek osteguneko kontzentrazioan zioenez, Gaztelu plazako aparkalekuarekin, Corte Inglesarekin hasi zen Iruñearen erdigunearen eraldaketa sakona. Geldi dezagun Hostela, eraiki dezagun hiria: «Ciutat és per a qui l’habita, no per a qui la visita».

berriaB

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.