Hirietako Alde Zaharrak eta ostalaritza (Bilbo). Poteoa kale bakarrean egiteko lain taberna

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someonePrint this page

2015-10-15 / Ander Gartzia Badiola

Hiribilduko bihotzaren paisaia aldatu egin da azken urteetan. Tabernak eta terrazak auzo osoan ugaldu dira. Udalak urtebetez eten ditu ostalaritza lokalen lizentziak, eta hausnarketa prozesua abiarazi du.

Bilboren sorreratik merkatariek Zazpikaleetan zabaldu izan dituzte euren saltokiak. Merkataritzak bizitasun handia eman izan die gremioen izenak daramatzaten kaleei, eta, oraindik ere, etengabeak dira erosketa poltsak lurretik zentimetro gutxira altxatzen dituztenen joan-etorriak. Paisaia hori aldatuz joan da, ordea; denda askotako pertsianak jaitsi dituzte, eta gero eta taberna gehiagok zabaldu dituzte ateak. Plaza Barrian soilik, hogei taberna daude. Jende pilaketek, bizilagunen kezkek eta ugaldu diren terrazek neurriak hartzera behartu dute udala: duela hilabetetik ez du lizentzia berririk eman ostalaritza lokal berriak zabaltzeko. Etenaldiak urtebetez iraungo du, eta Bilboko Gobernu Batzordeak hausnarketa prozesua abiarazi du, araudi berria prestatu eta hiri-garapen orekatua bultzatzeko.

Zazpikaleetako erdigunea osatzen duten kaleetan ostalaritzako lokalak pilatzeak inpaktu bisualean ez ezik, espazio publikoaren erabileran eta bizilagunen arteko bizikidetzan ere ondorioak izan dituela onartu du udalak. Jabi Arangiz Alde Zaharra Bizirik plataformako kideak erreskadan bota ditu tabernez bete diren kaleen izenak, atzamarrekin zenbatzen dituen bitartean. «Albia lorategia, Muñoz, Iturribide, Barrenkale, Barrenkale Barrena, Txakur kalea… Ulertzen dut Unamuno edo Plaza Berrian tabernak pilatzea, baina zazpi-zortzi bat kaletan gertatu da berdin. Eskuetatik ihes egin dio udalari».

Hogeita bost urte daramatza Zazpikaleetan bizitzen Arangizek, eta ondo ezagutzen ditu bizilagunen kezkak. «Terrazak espazio publikoaz jabetzen ari dira. Kasu askotan, gainera, baimenak uzten dizkien metroak erraz gainditzen dituzte. Eta inork ez du ezer egiten. Adibidez, Plaza Barrian nork uzten die tabernei 08:30ean terrazak jartzen? Bizilagunek zer esango dute?». Ordutegiekin, aldiz, ez du uste arazorik dagoenik, «askatasun apur bat izan beharko lukete, betiere auzoko bizilagunak kontuan hartuz gero», baina badu ardura taberna kanpoetan sortzen den zarataz. «Sasoi batean tabernako ateetan pertsona bat izaten zen, kristalezko edalontziak kanpora ateratzea galarazten zuena. Uste dut jarraitu beharko luketela gauza bera egiten».

El Almacen Secreto dendako jabea da Arangiz. Joan den igandean taberna kanpoetan izaten diren pilaketen arazoarekin egin zuen topo: «Domeketan, baimena dugu 18:00etatik 20:00etara autoarekin sartzeko. Zornotzan egin zuten Manga azoka batera joan behar genuen, eta ezinezkoa zen Albia lorategia zeharkatzea. Tamalgarria da, zenbait kaletatik ezin baitira ibili ez anbulantziak, ez suhiltzaileen kamioiak».

Neurriarekin, ados

Alde Zaharra Bizirik plataformako kideak ontzat jo du lizentzia berririk ez ematearen erabakia, nahiz eta ezkor agertu den etorkizunari begira. «Berandu datorren neurria da. Azkenean, udala behartuta sentitu da gure protesta, manifestazio, gose greba eta mugimenduen aurrean». Gose greba maiatzen hasi zuen Arangizek, Albia lorategian zuen lokalaren hileroko errentagatik mila euro gehiago eskatu zionean jabeak. «Taberna berriek alokairuak garestitu dituzte». Bost urtez izan zuen komikietan espezializatutako denda Albia lorategian, baina, azkenean, negozioa Askatasun kalera eraman behar izan du. Hala ere, pozik da, uste baitu gose grebak izan zuen oihartzunak asko lagundu duela egungo neurriak hartzeko.

Udalaren erabakia berandu ailegatu den iritzikoa da Aitziber Ibaibarriaga ere. «Duela hiru urte piztu genuen alarma, baina udala txaplatak ipintzen ibili da ostalaritzaren araudian. 2012an kezka mahaigaineratu genuen, eta proposamen zehatzak aurkeztu: adibidez, 2010 baino lehenago zeuden muga teknikoak berreskuratzea. Urte hauetan udalak beste aldera begiratu du, eta izugarrizko kalteak eragin dizkio merkataritza txikiari. Garaia da zezena adarretatik eutsi eta sektoreko agente guztientzat baliagarria den araudia sortzeko».

Bizkaiko Ostalaritza Elkartea ere ados dago udalak hartutako neurriarekin, uste baitu eskaintza neurriz gaindikoa dela: «350.000 biztanleko hiri batean, kontuan hartuz zenbat bisitari etortzen diren, ezinezkoa da 2.700 unitate enpresa hornitzea», dio Angel Gagok, elkarteko ordezkari nagusiak. Hala ere, lizentziak mugatzearen alde agertu den arren, ez dator bat udalak erabilitako arrazoiekin. «Gureak arrazoi ekonomikoak dira. Lizentzia berriei ezetz esaten diegu, baina sektoreak burbuila egoera batean bizi delako. Gainera, neurri hori hiriko beste auzoetara zabaltzea nahi dugu. Horretarako, egungo arautegia aldatu beharra dago. Zergatik? Bada, Zazpikaleetan lizentziak mugatu daitezkeelako, baina gainontzeko lekuetan ez, ez dutelako hori arautzen duen plan berezirik». Gago Eraberritze Plan Bereziaz ari da, Zazpikaleetan egiten diren hirigintza arloko lanak definitzen dituen dokumentuaz.

Azken zazpi urteetan, 79 saltoki txikik jaitsi behar izan dute pertsiana. Horietatik, 62 jantziak eta zapatak saltzen zituzten dendak izan dira. Hutsik geratutako lokal asko taberna eta kafetegi berriak zabaltzeko aprobetxatu dute jabeek. Urte horietan, hemezortzi jatetxe inauguratu dituzte, eta beste hainbeste taberna. Gagoren ustez, «akatsa» da errua ostalariei egoztea. «Zein merkatariri ez diote utzi zabaltzen denda bat? Nahi beste denda huts dituzte euren eskaintzak egiteko. Tabernak pilatu egin direla Zazpikaleetan? Bai, baina hori hiri askotan gertatzen da. Agian, atzerritarrek aukera izango lukete igandeetan erosketak egiteko, baina dendak zarratuta daude».

Bilerak

Bilboko Udalak urtea bukatu baino lehen zarratu gura du akordioa ostalari, merkatari eta Zazpikaleetako bizilagunekin. Hala azaldu zuen Asier Abaunza Hiri Plangintzarako zinegotziak udalean egindako azken osoko bilkuran. Gainera, prest agertu da Alde Zaharreko Eraberritze Plan Berezia aldatzeko proposamena lantzeko. Abaunzak jakinarazi zuenez, «Lasaitasuna behar dugu, udatik ari gara lanean, eta prebentzio neurriak hartu ditugu. Hamar aldiz baino gehiago bildu gara eta gehiagotan egingo dugu». Hala ere, bizilagunen plataformak salatu du, udala ez dela oraindik eurekin kontaktuan jarri. «Elkarte izaera hartzeko eskatzen digute, ofizialtasuna emateko, baina gu mundu osoarentzat zabalik gauden plataforma gara. Gure indarra merkatariek lizentzia berrien aurka eman dizkiguten 500 sinadurak dira», esan du Arangizek.

berriaB

Añadir Comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *