Galderak beste Donostia horretara
Samara Velte 2017-08-06
Kostaldean bizita udan lan egitea egokitu zaion batek baino gehiagok hartu ohi du lasaitua autoan enpresagunera sartzerakoan. Hemen behintzat aparka daiteke. Garagardo bat ordaindu belarrondokoa eman dizutela sentitu gabe. Paseoak eman jendea saihesten ibili gabe.
Urteetan, inork kuestionatu ez duen mantra izan da turismoak urrea dakarrela, kostaldeko herriek beste ezer ekoitziko ez balute bezala. Urtez urte aditzen genituen uda amaierako datuak, hotel eta kanpinak berriro ere bete zirelako pozik. Barre egiten genien sandalien azpian galtzerdiak janzten zituzten turistei, eta nerabeak lehian ibiltzen ziren, udatiarren bat nork kamelatuko. Bizi ibilitakoek ere aprobetxatzen zuten familiako etxea, eta udan kanpotarrei alokatuz ordaintzen zuten gero Jakako apartamentua.
Orain, turismoa gehiegi sartu zaigu bizitzan. Azpiko etxean bizpahiru bizilagun desberdin daude astero, hurrengo egunean lanik egin behar ez duenaren erritmoan afariak ozen luzatuz; zaila da etxea urte osorako alokatzea; eta kasko historikoetan euskara ere historiko bihurtzen ari da. Donostiako Udalak ere onartu du —bere modura, hitzez behintzat— turismoaren hazkundea ezin litekeela mugarik gabea izan. Hiriak eta auzoak bertan bizi diren pertsonek osatzen dituztela.
Arazoa dator norbere herrian ez dagoenean norberarentzako lekurik. Donostiako Parte Zaharreko bizilagunek «parke tematiko gastronomiko» batean bizi direla sentitzen dute. Ezinegon sozial hori badago, eta ez da bidezkoa arazo horiek ez dauzkatenek «turismofobia» leporatzea masifikazioaren ondorioak zuzenean sumatzen dituztenei. Kostaldeko udal gobernuetako kideei nekez eskainiko zieten aspaldian bederatzi hilabeteko alokairurik.
Baina izan gaitezen zintzoak geure buruarekin: ahal dugunean, denoi gustatzen zaigu turista izatea, izan bere fazeta komertzialenean —astebete Cancunen hoteletik atera gabe—, onberenean —Nepalen eskolak berreraikiz— edota iraultzaileenean —Kubako errefuxiatuak eta, bide batez, hondartzak bisitatuz—. Luxua da bidaiatzea? Askorentzat, bai. Ekologikoa da, ingurumen aldetik eta tokiko kulturaren ikuspegitik? Gehienetan, ez. Baina, plantea liteke modu errespetuzkoago batean? Beharko da, ezinbestean.
Eztabaidan gutxi laguntzen dute jarrera zuri-beltzek. Turistak miran jartzea helburuz nahastea da: Bulebarrean izozkia hiru euroan saltzen duen langile batek orduko lau euro kobratzen baditu, langilea zein kontsumitzailea ateratzen dira galtzen, kanpotarrei begira jarritako prezio batzuk ere ez baitira bidezkoak. Udatiarrak gaitz gisa seinalatu ordez, hobe litzateke galdera batzuk mahai gainean jarriko bagenitu: nork ahalbidetzen ditu prezio horiek? Zerk sortzen ditu turismo eta aisialdi zirkuituak? Nork erabaki zuen Gaztelugatxe ikusi beharreko leku bat zela?
Irudipena ematen du turismo industriak edozein aisialdi industriaren joera berberak dauzkala: geroz eta jende gehiago dabilela geroz eta gauza gutxiago —edo gauza antzekoagoak— egiten, bazterretan gertatzen denarekiko gero eta itsuago. Eta hori promozionatzen denaren araberakoa da maiz. Gipuzkoari «San Sebastian region» deitzen badiogu, australiar batek nekez jarriko du kanpalekua Oñatin. Edo, alderantziz: auzokideak Istanbulgo bazarrean edota Uyuniko gatzagan topatzeko gure ohitura ez da euskaldunok elkarren arrastoa sumatzen dugulako, baizik eta guztiok —besterik ez dakigulako— leku berberetan ibiltzen garelako alderrai. Zenbat euskal herritarrek ezagutu dute Elizondo Dolores Redondoren liburuen ondorioz?
Promozioan baldin badago gakoetako bat, erabil genezake errespetu handiagoko turismo eredu bat sustatzeko. Zentzugabea da turistak kanporatzeko eskatzea, baina hori bezain arriskutsua da onartzea turismoa eta bertako bizitza bi korronte paralelotan mugitzen direla; izan ere, inbertsio gehien erakartzen dituen korronteak aise jan dezake bestea, herrikoa, auzokoa.
Horren ordez, desiragarriagoa litzateke kanpotik datorrenak leku honi beste modu batean begiratzen ikasiko balu; jakingo balu, adibidez, berezko hizkuntza bat daukagula hemen; edota txosnen atzean hilabeteetako eta pazientzia handiko lan kolektiboa dagoela.
Alde horretatik, bertakoen etxean lo egitea ahalbidetzen duten plataformak ez dira berez txarrak: bidaiatzerakoan, bertakoekin harremanetan jartzeko aukera bakarrenetakoak dira maiz. Araudi publikoek eragotzi behar luketena da hortik negozioa egitea. Donostia hartzen ari den martxan, bi hiri ari baitira sortzen: turisten Donostia eta bertakoen Donostia. Banatuta dauden bitartean, beti egongo dira elkarren lehian; eta, arautu ezean, botere ekonomikoak alde dauzkana nagusituko da, eta ezinegon soziala handituko. Klase gatazka bat, inozoenek eta interesatuenek bertakoen eta kanpokoen arteko liskar gisa ulertuko dutena; eta diru gutxi dutenei zailago jarriko diena herrian geratzea zein kanpora bidaiatzea.