Donostiako auzo elkarteek hiriko espazio publikoa defendatzeko eskatu diote Udalari

NAIZ 06/05/2020

Konfinamendua arintzen hasi ondoren «ostalaritzako presio taldeek» terrazen espazioa handitzeko asmoa dutela salatu eta interes orokorra defendatzeko eta herritarren osasuna zaintzeko hainbat neurri eskatu dizkiote auzo elkarteek Eneko Goia Donostiako alkateari

Terrazek espazio gehiago okupatzeko eta ostalaritzako ordutegiak luzatzeko baimenik ez ematea, espazio publikoa okupatzeko ordenantzak ez malgutzea eta oinezkoentzako espazioak dagokien segurtasun distantzia errespetatzen dituela bermatzea dira Donostiako auzo elkarteek Udalari helarazi dizkioten eskaerak.

«Hedabideen bitartez izan dugu ostalaritzako presio taldeek estatuan abian jarri duten kanpainaren berri: terrazen espazioa handitzea, ordutegia luzatzea eta ordenantzak malgutzea eskatzen ari dira», adierazi dute.

Gainera, osasun arrazoiak direla medio aforoak murriztuko direnez, terrazak handitu eta metro koadro gehiago nahi dituztela salatu dute: «Espazio publikoa abandonatuta balego bezala, erabilerarik gabeko espazio bat balitz bezala, norbaitek kolonizatu eta bere mahaiak hantxe jarri zain balego bezala».

Horren harira, espazio publikoa «guztion espazioa» dela gogoratu dute, «eskubide kolektibo bat, elkarrekin erlazionatzeko, pertsonen arteko harremanak sortzeko, komunitatearen, auzoaren, parte garela sentitzeko» hain zuzen, eta «ez soilik joan-etorrietarako bide bat».

Horregatik, bezeroek distantzia sanitarioa bete dezaten terrazen tamaina handitzea eskatzea, eta, aldi berean, terrazak handituz espazio fisikoa murrizteak «hiriko biztanleen eta auzo eta kaleetan ibili behar dugunon osasuna eta segurtasuna bermatzeko eragingo dituen eragozpenei» ez ikusiarena egitea «arduragabekeri galanta» dela nabarmendu dute.

«Ez da onargarria erabilera pribatuaren mesedetan terrazak handitu nahi izatea, espazio publikoa murriztuz. Are gutxiago, kontuan hartuta espazio gehiago okupatzeko asmoak herritarren osasun eta segurtasunerako eskubidea urratzen duela», gaineratu dute.

«Ez al dira jabetzen ostalaritzako establezimenduen barruan ezartzen den distantzia sanitarioa errespetatu beharra dagoela kalean ere? Atarietatik sartu-irtenak egiteko 1,5 metro behar ditugula bizilagunek, eta terrazek tarte hori errespetatu beharko dutela? Tartea utzi behar dela kalean bi lagunek elkar gurutzatzean distantzia sanitarioak errespetatu ahal izateko, horretarako terrazetako mahaiak kendu beharko balira ere», azpimarratu dute.

Ildo horretan, interes orokorra defendatzea eta herritarren osasuna zaintzea Udalaren erantzukizuna dela adierazi dute eta eskaerak helarazi dizkiote, haren betebeharra baita «gure kale eta auzoetan pertsonen arteko distantzia errespetatu ahal izango dela bermatzea».

Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkertea, AAVV Lantxabe-Aiete, AAVV Izbe-Intxaurrondo, AAVV Harripe Herrera-Altza, AAVV Egia Bizirik, AAVV Hondarpe-Gros, AAVV Amara Berri, AAVV Ulia, Agrupación de Comunidades Bera-Bera y eta Bizilagunekin plataforma dira dokumentuaren sinatzaileak.

Terrazak handitzeko neurriak iragarri ditu Goiak

Izan ere, Donostiako Udala merkataritza-, ostalaritza- eta turismo-sektoreekin bildu da asteazken hoentan, Covid-19ak krisiari aurre egiteko abian jarritako neurriak jakinarazteko, eta ostalaritza-establezimenduetako terrazak handitzeko «hainbat formula» aztertzen ari dela iragarri du Eneko Goiak.

Bileran, elkarteetako arduradunek sektore horiek bizi duten egoera zaila, datozen hilabeteetarako aurreikuspen txarrak eta jarduerari berriro ekiteko baldintzak azaldu dituzte.

Goiak Udalak bultzatutako laguntza-neurriak partekatu ditu, eta terrazak handitzek hainbat formula aztertzen ari dela azaldu du.

Tokiko merkataritza ikusarazteko online plataforma bat abian jartzea, laguntza-bonoak erosteko sistema bat garatzea edo tokiko kontsumoa sustatzeko kanpaina martxan jartzea dira Goiak aipatutako beste neurri batzuk.

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.