Hirietako Alde Zaharrak eta ostalaritza (Donostia). Begirik ezin bildu

2015-10-16 / Nagore Etxeberria

Gastronomiari estuki lotua dago Donostia. Hala, tabernaz eta jatetxez beterik daude Parte Zaharreko kale estuak. Horrek jende andana erakartzen du auzora, eta, jendearekin batera, zarata; auzoan bizi direnentzat, etengabeko marmarra.

Kontxako badia, Alderdi Eder, portua, Urgull, Bulebarra… Leku ederrak dira; ikusgarriak edonorentzat; Donostiara joanez gero, bisitatu beharrekoak. Trago batzuk hartu eta pintxo gozoak dastatzeko leku ezin hobea ere bada Parte Zaharra. Ezaugarri horiek jende multzoa erakartzen du Parte Zaharrera udan zein udaberrian, udazkena izan, zein neguan sartu.

Jendetza hori buruhauste bihurtzen ari da aspaldion, Parte Zaharreko biztanleei loa galarazteraino. Izan ere, taberna, terraza eta dendaz beteriko kaleak izateaz gain, sei mila biztanle ingururen bizilekua ere bada Parte Zaharra, eta, beraz, aisialdirako ez ezik, lotarako eta bizitzeko auzoa ere bada. Maiz, baina, kalean izaten den jende uholdeak eta sortzen den zaratak atsedenerako aukera gutxi uzten die Parte Zaharrean bizi diren lagunei.

Aurreko legealdian, zarata neurketak egin zituzten Donostian. Uda aurretik egin ziren neurketak, eta, trafikoak sortzen zuen zarataz gain, gaueko giroak sortzen zuena ere neurtu zuten. Hiri osoan bi eremu zaratatsu identifikatu zituzten; Parte Zaharra zen horietako bat. Asteburuetan zarata hori nabarmen handitzen dela ikusi ahal izan zen neurketa horietan. Hori gutxi balitz bezala, udan egun bat luzatzen da asteburua, ostegunetik hasita.

Auzoaren ezaugarriek ez dute askorik laguntzen zarata apaltzen: eraikin asko zaharrak dira, etxeak ez daude behar bezala isolatuak, kaleak estuak dira… Baina zarata horretan «eragin zuzena» turismoak eta ostalaritzak dutela aitortzen du Alfonso Gurpegik, Donostiako Udaleko Gune Publiko, Ekologia eta Festetako PSEko zinegotziak.

Neurketa horietan auzoak jasaten duen zarata «arauz kanpokoa eta auzotarren atsedena eragozteko modukoa» zela ondorioztatu zela nabarmendu du Xabier Arberasek, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak. «Emaitzek argi diote: zarata horrekin ezin da Alde Zaharrean bizi», gaineratu du.

Azken urteetan kaleko zarata dezibel batzuk igo da, gainera. Tabakoaren legeak izan du horretan zeresana; lokal barruetan erretzeko debekuarekin, tabernak hustu eta kaleak jendez bete dira. Horrez gain, baina, auzoaren bilakaerak ere izan du eraginik. Izan ere, azken hogei urteetan, nabarmen aldatu da auzoaren itxura eta bizimodua. Jendez, iragarki kartelez, toldoz, mahaiz, aulkiz eta lotarako ostatuz bete dira Parte Zaharreko txokoak.

Taberna kopuruak, gora

Ostalaritza establezimenduen kopuruak erruz egin du gora. Donostiako Udalak emandako datuen arabera, 2014. urtean ostalaritzako 1.312 establezimendu zeuden hiri osoan, horietatik 455 Parte Zaharrean. Alegia, ostalaritzako establezimenduen %34,7 auzo horretan daude. Ostalaritzako establezimendu horien barruan sartzen dira tabernak, jatetxeak eta kafetegiak.

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak ere baditu datuak. Hain zuzen, 2000. urtetik kopuruak nabarmen egin duela gora azpimarratu dute auzo elkartekoek. Arberasek zehaztu duenez, «Odon Elorza alkate zen garaian, 2000. urtearen bueltan, ‘eremu gainezkatu’ izendatu zuen udal gobernuak Parte Zaharra, 166 biztanleko taberna bat zegoelako». Egun, kopurua handiagoa da. Auzo elkarteak emandako datuen arabera, 210 taberna daude Parte Zaharrean, eta, orotara, 6.088 biztanle dira auzoan. Ehun biztanleko 3,45 establezimendu daude, beraz; 29 biztanleko, bat, alegia.

Eremu gainezkatua izanik, araudiak dio ostalaritzako lokalak zabaltzeko lizentzia kopurua beteta dagoela, eta, beraz, ezin dela lizentzia gehiago eman. Auzo elkartearen datuek bestelakoa adierazten dute, ordea. Zer gertatu da bitarte horretan?

Xabier Arberasek argi du: «Hainbatetan, amarru eta trikimailuen bidez, araudiari izkin egin zaio. Hala, lokal bati baimen bat ematen zaio, baina beste modu batera funtzionatzen du». Dioena hala dela ziurtatzeko, adibide ugari dituzte bizilagunek: ogitartekoak, bazkariak eta afariak ematen dituen kafetegi bat dago, esaterako; edo jatetxe baimena izan eta taberna gisa funtzionatzen duenik ere bada. Ez oso aspaldi salaketa bat jarri diote jolaserako lokal bati, sagardotegi bihurtu delako.

Gurpegik ere onartzen du: «Berez, ezin da lizentzia gehiagorik eman, baina legeak zirrikituak ditu, eta batzuk zirrikitu horiez baliatzen dira taberna berriak zabaltzeko». Mari Mar de Sosak, Zaharrean ostalaritza elkarteko koordinatzaileak ere ez du zalantzan jartzen bizilagunek diotena: «Batzuetan, ziurrenik, lizentzia batzuk eman dira, eta jendeak beste zeregin baterako erabili ditu. Ziur batzuek ez dituztela arauak behar bezala betetzen».

Horren harira, hiru aldeak bat datoz: araudia arretaz begiratu eta errepasatu beharko litzateke, eta, zuzendu beharrekoa, zuzendu. Horrez gain, erne ibili beharko litzateke arauak zorrotz betetzen direla ziurtatzeko.

Era berean, jartzen diren salaketak aztertzeko premia aldarrikatu du Arberasek. Alfonso Gurpegik dio salaketa guztiak aztertu eta jarri beharreko isunak jartzen direla; maiz, espedienteak ere zabaldu omen dituzte. Bizilagunen elkarteak, baina, uste du udalak ezer gutxi egiten duela.

Izan ere, Arberasen ustez, egoera «larri» horretara ez dira egunetik gauera iritsi: «Jarduera ekonomiko bati laguntza eta bultzada eman zaiolako iritsi gara gauden egoerara. Bere garaian, hiri eredu bat jarri zuten martxan, eta gure auzoa aisialdirako gune izatea pentsatu zuten. Hala, funtzio bakarrera bideratutako auzo bat ari dira sortzen». «Turismoari begira» lan egiten dute, eta «sektore batzuen helburuak politikari batzuen helburu bihurtu dira. Ez luke hala izan behar», gehitu du auzo elkarteko kideak.

Neurri batean, PSEko zinegotziak aitortu egin du bizilagunek diotena: «Parte Zaharra interesgune garrantzitsua da, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dugu, baina oreka bilatu behar da, lotarako eta bizitzeko lekua ere badela kontuan hartuz. Ez bizilagunek, ez ostalariek, ez udalak ez dugu nahi Parte Zaharra Salou bat bihurtzea. Interes turistikoa izatea nahi dugu, baita interes ekonomikoa ere, baina ez dugu ahaztu behar herritar batzuentzako bizilekua ere badela. Oreka hori bilatzea da konplexuena».

Zaharrean ostalaritza elkarteko koordinatzailearen ustez, ostalaritzak «on» egiten dio Parte Zaharreko merkataritza txikiari: «Ostalaritzak jendea erakarriko ez balu, auzoko komertzio txikiek ez zuten etorkizun handirik izango, ez zen jenderik joango. Taberna eta ostalaritza guztia kentzen badugu, beraz, akabo Parte Zaharra».

Arberasen iritziz, baina, «auzoak eta hiriak bizitzeko dira, eta hori da bermatu behar dena». Hori horrela izan dadin, «premiazkoa da lizentzia gehiago ez ematea». Era berean, beharrezkotzat ikusten dute lanerako mahai bat sortzea.

Konponbide bila

Argi dago: arazoa oso konplexua da. «Jendeak kontzientzia hartu behar du, eta hori ez da bi egunetan lortzen. Azken batean, edukazio arazo bat da. Errespetatzen eta batera bizitzen ikasi behar dugu», dio De Sosak.

Hala, arazo konplexu horri konponbidea bilatze aldera, bilerak egiten ari dira arazoan zeresana duten alde guztiak: udala, bizilagunen elkartea, ostalaritza elkartea eta turismoa. Argi dute denek: jendeari ohartarazi behar zaio Parte Zaharra ez dela parrandarako eta aisialdirako auzoa bakarrik, bizilekua ere badela. Jendeak kontzientzia har dezan, sentsibilizazio kanpaina bat martxan jartzekotan dira, ongi pasatzea eta deskantsatzea posible izan dadin.

berriaB

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.