Airbnb-ren sortzaileek 11.000 milioi dolar irabazi dituzte zortzi urtean etxeen alokairuarekin

2017ko maiatzaren 02a Lukas Barandiaran San Roman

Brian Chesky, Joe Gebbia eta Nathan Blecharczykek sortu zuten oheak, gelak eta etxeak alokatzeko plataforma, eta egun bakoitzak 3.800 milioi dolarreko ondasuna dauka.

“Kolaborazio ekonomia” izendatu dituzte erabiltzaileak zuzenean kontaktuan jartzen dituzten halako plataformak, besteren artean Uber edo Blablacar-ekin batera. Hain dago zabaldua ideia, ezen El País-ek albiste kanal bat sortu baitio.

Diotenez, 2008ko abenduan Cheskyk eta Gebbiak diru gutxi zutenez, beren San Franciscoko (AEB) etxeko bi ohe alokairuan jartzea erabaki zuten, eta hortik Airbnb-ren negozioa sortu zuten.

Jatorri xume eta “kolaboratibo” horretatik —ohea eta gosaria 80 dolarrean eskaini zuten lehen aldi horretan— milaka milioitan baloratutako enpresa eraiki dute; 10.000 milioi dolarreko balioa ematen diote Airbnb plataforma kudeatzen duen enpresari.

Enpresa horren jabe bakoitzak ia 4.000 milioi dolareko ondasuna pilatu du zortzi urte eskasean, “kolaborazio ekonomiaren” bitartez.

Airbnb Donostian bereziki presentzia handia duen plataforma da, duela gutxi Hirikilabs eta Montera34 egin zuten ikerketa bateko datuek erakusten duten antzera, eta azken asteetan turismo industriaren inguruan eman den eztabaidan behin baino gehiagotan aipatu da enpresa.

argia

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.