SOS Gaztelugatxe ozen esateko unea da

Ana Urrutia Iturmendi, Libe Arenaza Alvarez, Gorka Lopategi Orue eta Karmele Albizu Esteban – 2019ko azaroak 13

Hiru urte bete dira egun hauetan Game of Thrones Gaztelugatxe, Barrika eta Zumaiara etorri zenetik. Mundu mailako superprodukzio horrek, aurretiaz, zazpi kontinenteetako beste kokaleku batzuekin egin bezala, euskal kostaldea aukeratu zuen agertoki gisa. Gaztelugatxeren kasuan gainera, desitxuratua.

2016az geroztik Bakio-Bermeo arteko lur eremuan aldaketa sakonak gertatu dira. Hasteko, ia milioi bat bisitari izan ditu Gaztelugatxek. Denbora labur-laburrean pasatu da jende gutxik ezagutzen zuen lekua izatetik egun bakar batean 6.150 bisitari dituen tokia izatera eta udan 235.000 bisitaritik gora hartzera. «Bizkaiko kostaldeko turismoaren epizentroa» Gaztelugatxen kokatu nahi duela adierazi du behin eta berriz Bizkaiko Foru Aldundiak. Gure lurraldeko bigarren helmuga turistikoa bilakatu baita Gaztelugatxeko Doniene, Guggenheimen atzetik.

Bada ordua, baina, gauza batzuk argi eta garbi esateko. Foru-administrazioko agintari politikoak ustezko garapen-estrategiak diseinatzen ari dira, toki hau «Bizkaiko kostalde osoko ekonomiaren motorra» bihurtuko dela esanez, era engainagarri eta interesatuan nabarmenduz hainbat kontzeptu; hala nola garapen jasangarria, turismo berdea edo ingurumenaren babesa.

Eta ez gara edukiaz soilik ari, baita formaz ere. Bizkaiko Foru Aldundiak erabakita dauka, mugakide diren udalekin adostu eta hitzartu gabe eduki arren, martxan jartzea inolako onarpen-prozeduratatik igaro ez den Deloitte enpresa kontsultariaren Gaztelugatxeko Doniene kudeatzeko plana dokumentuko ekintzak.

2019ko urriaren 25ean, iragarkia argitaratu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, hasiera emateko «Gaztelugatxera iristeko bideak. II. fasea eraikuntza-proiektua»-ren informazio publikoaren eta entzunaldiaren izapideari.

Proiektu horren helburua da Urizarretan (Bakio), Gaztelugatxeko Babestutako Biotopotik oso metro gutxira, 51 autorentzako aparkalekua eraikitzea, orain errepidearen ondoan dagoen aparkalekuaren azpiko kotan, eta azken hori birmoldatzea, autobusentzako bi plazako aparkaleku gisa egokituko baita; hori guztia, sustatzaileen arabera, «Gaztelugatxe inguruko trafikoa ordenatzeko eta baretzeko». Paradoxikoki, «garraio publikoa erabiltzea sustatzeko eta mugikortasun jasangarriaren aldeko jarduketa bat» dela diote.

Jasangarria, inondik inora ezer ez. Obra luzea da, ingurumenean inpaktu handia izango lukeena. 1.600 metro karratuko plataforma bat eraikitzea dakar; harri-lubeta hormigoiztatuzko hiru horma altxatzea (bata, 105 m. luze eta 3,55 m. altu; beste bat, 34 m. luze eta 6,5 m. altu, eta hirugarrena, 15 m. altu); 3.000 m3 hondeatzea eta 9.500 m. 3 betegarri botatzea (horietatik 6.500 m3 Foruko eta Ereñoko harrobietatik ekarri behar dira); drainatze-lanak egitea, eta abar.

Hau sinatzen dugunok uste dugu ez dagoela justifikaziorik Urizarretan beste aparkaleku bat eraikitzeko, honako arrazoi hauek tarteko:

Aparkatzeko arazoak konpondu beharrean, larriagotu egingo ditu, dei-efektuagatik: aparkaleku gehiago auto gehiago.

Natura 2000 Sarean sartuta dauden 3 babes-figura (Gaztelugatxeko Donieneko Biotopo Babestua, Gaztelugatxeko Donieneko Kontserbazio Bereziko Eremua eta Urdaibaiko itsasadarreko hegaztientzako Babes Bereziko Eremua) elkartzen diren eremu baten ateetan planteatzen da eta, larriena dena, obra horrek naturagune babestu horietan eragingo dituen ingurumen-ondorioak aztertu eta ebaluatu gabe.

Balio eta potentzial handiko natura-baliabideak (lurzorua, landaredia, fauna, habitata, nitxo ekologikoak, ekosistema-zerbitzuak…) kontsumitu eta suntsituko ditu; ezin izango dira lehengoratu, kaltea konponezina izango da.

Eragin negatiboa du biodibertsitatean, eta hainbat flora eta fauna espezieri eta haien habitatei eragiten die.

Obra hau diru aldetik ere oso garestia da; milioi bat euro inguruko aurrekontua du eta altxor publikoaren kontura egin nahi da. Aparkaleku-plaza bakoitzak 20.000 euro inguruko kostua izango du.

Ibilgailu pribatuaren aldekoa da, eta horrek, nahitaez, atmosfera gehiago kutsatzea eta berotegi-efektuko gasen isurketa areagotzea dakar. Hori guztiz kontrajarrita dago Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi Klimatikoaren Adierazpen Instituzionalarekin eta hark Klima 2050 klima-aldaketaren Estrategiarekin eta 2030 energia estrategiarekin duen konpromisoarekin.

Proiektua inposatua da, eta ez da bilatu, ez adostasunik, ez aldez aurreko parte-hartzerik.

Gure ustez, Gaztelugatxeko trafikoa antolatzeko eta baretzeko neurriak hartu behar dira, baina ibilgailu pribatuz etortzea mugatzekoak eta, aldi berean, garraiobide publikoak benetan eta behin betiko bultzatzekoak. Garraiobide publikoek, ondo antolatuak eta eskariaren neurrikoak badira (esate baterako, Bakiotik eta Bermeotik abiatutako ibilgailu elektriko edo energetikoki eraginkorrak), zonaldea deskongestionatuko dute, zalantzarik gabe.

Horrez gainera, bisitariari kalitatezko esperientzia bat eman ahal izateko, sarbidea mugatzeko neurriak hartzea proposatzen dugu, eta gehieneko bisita-kupo bat ezartzea, bereziki udan eta jende asko datorren egunetan, Urederran, Santimamiñen eta beste leku batzuetan egin den bezala.

Eta argi gera dadila. Ez gara eskualdeko garapen ekonomiko eta turistikoa mugatzeaz mintzo, inola ere ez. Aitzitik, garapen iraunkorra ahalbidetu nahi dugu, natura errespetatzen duten eta klimaren aldetik neutroak diren sektore ekonomiko berrietan oinarritua. Lan-aukera berriak sortu, ingurumenerako mesedegarriak eta pertsonentzat duinak direnak. Bereziki, Gaztelugatxe degradatzea eta arrakastaz hiltzea saihestu behar dela uste dugu, etorkizuneko belaunaldiei toki zoragarri hori ikusteko eta gozatzeko eskubidea bermatzeko.

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.