«Nahi dutena egiten utziz gero, gure ondarea txikitu dezakete turistek»

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someonePrint this page

Maialen Unanue Irureta 2018ko maiatzak 8

ATZEKOZ AURRERA. KONSTANTINOS ANDRIOTIS. TURISMOAN KATEDRADUNA
Turismoa gutxitzearen aldekoa da Andriotis, eragin ditzakeen arrastoak saihesteko: garrantzitsua iruditzen zaio turismo politikak ingurumena kontuan hartuz eta herritarrak lehenetsiz egitea

Turismo masifikatuari mugak jartzearen aldekoa da Konstantinos Andriotis (Heraklion, Grezia, 1970): Turismoan katedraduna da Londresko Middlesexko Unibertsitatean. Ezkerraberri Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen eskutik izan da Donostian; Mendebaldeko hiriak homogeneizatu direla salatu du, tokian tokiko ezaugarriak desagertzeraino.

Non dago turismoaren eta turismo masifikatuaren arteko muga?

Norako bakoitzaren araberakoa izaten da: edozein kasutan, muga ezartzen du turismoak on baino gehiago kalte egiten dienean ingurumenari, ekonomiari, kulturari eta gizarteari. Beraz, norako bakoitzak gehienera zenbat turista har ditzakeen kalkulatu beharko litzateke. Gehiegizko turismoa izango da herritarrek etekinik jasotzen ez dutenean eta ingurumenean efektu negatiboak dituenean.

Turismoa gutxitzeaz jardun duzu: nola egin daiteke?

Ez da erraza: ingurumenarekin begirune handiagoa izango duen turismo eredua behar da. Hotel handiak eraikitzeari utzi beharko genioke, edo haiek eraikitzeko lizentziak emateari utzi, zenbait baldintza betetzen ez dituzten bitartean. Turismoa gaindimentsionatuaren seinale da bertako negozio bat itxi eta kanpoko enpresa batek hartzen duenean: beharrezkoa da mugak jartzea.

Gutxieneko protekzionismoa bultzatu behar litzateke, beraz?

Basoan flora eta fauna badauzkagu, turistek hori ezagutu nahiko dute ederra delako. Nahi dutena egiten utziz gero, inolako kontrolik gabe, gure ondare hori txikitu dezakete, eta ezer gabe geldi gaitezke.

Diozunez, etekin gehiago ematen dute tokikoen denda txikiek kanpoko enpresa erraldoien aldean; baina azken horiek erakartzeko ahaleginak handiagoak dira.

Agintariek ez dute ahalegin txikiena ere egiten tokiko inbestitzaileei laguntzeko turismoaren alorrean. Agerikoa da herrialde txiro askotan, uste baitute etekin gehiago aterako dituztela horrela, baina arazoa da ez dakitela zer den turismoa: turismoarekin lotutako erabakiak hartzen dituzte turismoa zer den jakin gabe.

Globalizazioa eta lokalizazioa kontrajarri dituzu: globalizazioa ez al da boteretsuegia?

Hala da. Aurrekoan haserretu egin nintzen Herakliongo aireportuan: zergarik gabeko denda itsusia zuen lehen, eta ederra orain. Barruan, Kretako produktuen ondoan, Victoria’s Secret bat jarri dute, kartel handi batekin. Uste duzu inor etorriko dela Herakliongo aireportura Victoria’s Secreten barruko arropa erostera? Hutsik zegoen: turismo masifikatuak ez baitu halakoetan erosten. Feta gazta salduz gero, probatzeko aukera emango diezu, eta gustuko badute, litekeena da etxera itzultzean erostea: Greziak esportatu egingo luke, eta etekinak atera.

Ez da orokorra joera hori?

Zoritxarrez, salbuespen bakarra ezagutu dut: Zipre. Bertako produktuak argi eta garbi desberdinduta saltzen dituen bakarra da.

«Trantsizio herriak» aipatu dituzu, Ingalaterrako Totnes adibide gisa jarriz. Zein ezaugarri dituzte?

Esaterako, moneta propioa daukate, eta horrek esan nahi du diru hori han soilik erabil dezaketela: turistak derrigortuta daude dirua aldatzera eta han gastatzera. Tokiko ekonomia eta ekoizpena bultzatzea da helburua, euren ezaugarriei eustearekin batera. Milatik gora dira halako hiriak munduan.

Sektore publikoa, pribatua, komunitatea eta bidaiariak: erantzukizuna guztiena dela diozu. Bestelako turismo eredu bat bultzatzeko prest daudela uste duzu?

Mendebaldeko herrialde askotan, zoritxarrez, ez. Zenbait ikerketak esaten dute jendea Latinoamerikan bizi dela zoriontsuen, eta oinarrizkoena baino ez dute. Gutxiagorekin hobeto bizi daiteke, baina kontrakoa bultzatzen da Mendebaldean: telefono hobeak, auto hobeak eta dena hobea nahi dugu, baina horrek askotan bizitza suntsitzen digu, ez dugulako sozializatzeko tarterik, denbora gutxiago pasatzen dugulako senideekin, eta abar.

Nola eman dakioke buelta?

Nik, pertsonalki, autoa kendu dut, lanaldi murriztua daukat, eta saiatzen naiz oinez gehiago ibiltzen. Aldaketak pixkanaka gertatzen dira, eta, askotan, legez behartuta.

Turismo masifikatuaren aurka protestatu zuten iaz Donostian, eta talde politiko bati «turismofobia» egotzi zioten gainerakoek.

Herritarren bizitza nola hobetu pentsatzeak behar luke izan politikarien kezka bakarra, baina askotan klientelismoak agintzen du. Inportantea da oreka bilatzea bertakoen eta kanpokoen artean, betiere, herritarrak lehenetsiz. Politikariak boto gehiago zerk emango pentsatzen ari dira beti: hori da arazo nagusia.

Añadir Comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *