Gentrifikazioa eta turistifikazioa

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someonePrint this page

Xabier Arberas – Donostiako Parte Zaharrean Bizi elkarteko kidea 2020ko otsailak 14

Urte asko dira Donostiako Parte Zaharra etengabeko gentrifikazio eta turistifikazio prozesu batean murgilduta dagoela. Prozesu hori, ordea, ez da berezkoa, ezta halabeharrezkoa ere: nahitako estrategia jakin eta planifikatu baten emaitza da. Zilegitasun eta kontrol demokratiko formalari itzuri egiten dioten lobbiek bultzatu eta erakunde publikoek, enpresa pribatuek, hedabideek eta gizarte zibileko kide batzuek bideratzen dituzten politiken ondorioa da.

Bi fenomeno horiek modu globalean hedatu dira munduko hainbat tokitan, baina tokian tokiko ezaugarri jakin batzuk dituzte, testuinguru lokalaren arabera garatzen dira. Eta Donostia ez da horretan salbuespena.

Bestalde, bi fenomenoek elkar elikatzen eta babesten dute, eta, Parte Zaharrean, aldaketa sakonak eragiten ari dira auzoaren hirigintza paisaian, eta kalte larriak bertako biztanleen osasunean eta bizi kalitatean, gizarte erlazioen sisteman, kultura eta identitate balioetan, gizarte kohesioan, ingurumen ongizatean, morfologian, ondarean nahiz ekonomia eta merkataritza egituran.

Horrek guztiak lotura estua du, jakina, ez soilik testuinguru sozioekonomikoarekin, baita testuinguru politiko eta zibilizatorioarekin ere. Kulturen Foro Unibertsalean (BCN 2004), azaleratzen ari diren giza eskubide berrien adierazpen unibertsal bat adostu zuten. Eskubide berri horien artean dago «Hirirako Eskubidea». Beste era batera esanda: auzokideek, auzo jakin batean bizi garenek, gure komunitateen garapen prozesuaren berri izateko eta prozesu horretan parte hartzeko dugun eskubidea. Eskubide hori ez da betetzen, ordea, Parte Zaharrean, ezta Donostian ere, oro har. Eta ez da kasualitatea.

Egoera horrek kolapsora eraman du Parte Zaharra. Hala, dagoeneko ez da aski salatzea zer gauza egiten ari diren gaizki: salatu beharra dago sistema honek hautsi egin dituela auzo gisa irauteko mekanismoak.

Orain, 2020ko otsailean beteko dira zortzi urte Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea osatu zela. Auzoaren defentsa aldarrikatu genuen, tertziarizazio eta merkantilizazio fenomenoei aurre egiteko premia. Salatu genuen ez zegoela etxebizitza sozial eta alokairukoa sustatzeko politika aktiborik; halaber salatu genuen turismoaren eta aisiaren inbasioa; gure intimitatea urratzea; zaratak eta atsedenik ezak eragindako osasun arazoak; ekipamendu falta eta, oro har, espazio publikoaren pribatizazioa eta neurriz gaindiko merkataritza ustiapena, baita gure nortasunaren eta, bereziki, euskararen ahultasuna ere.

2017an, Parte Zaharrean bizitzeko eskubidearen aldeko manifestua plazaratu genuen, eta irmo eskatu genion Donostiako Udal gobernuari alda zezala jarrera. Bere horretan jarraitzen dute Parte Zaharraren arazo nagusiek. Gentrifikazioa eta turistifikazioa hedatzen ari dira, geldiezin. Eta Udalak eragile aktibo eta adierazgarri modura dihardu prozesu horretan. Udal gobernuak argi eta garbi babesten ditu jabegoa, higiezinen sustapena, inbertsio funtsak, frankiziak eta abarrak, zeinak mobilizatzen baitituzte baliabide ugari, espekulazioaren eta presioaren bidez, legea bera behartuz edo hari entzungor eginez, kasu askotan. Parte Zaharrean, baliabide eta presio horiek maiz makurrarazi dute interes orokorraren «arbitro eta defendatzailea», hiri, ekonomia eta lurralde politika ez iraunkor eta ez ekitatiboen mesedetan eta gizarte kohesioaren, nortasun historiko eta kulturalaren, ondarearen zaintzaren kaltetan, gainbalio eta onura pribatu handia sortzen baitute.

Gauetik goizera errotu dira Internet bidez alokairu plataformak, eta, administrazioak neurririk hartu ez duenez bizilagunak babesteko, etxebizitza alokairuan edo erosita duten «kontsumitzaileak» babesteko, erabat babesgabe gelditu dira, eta, azkenerako, auzokideak auzotik kanporatu, eta inbertsiogile partikularrek nahiz inbertsio funts eta enpresek ordezkatu dituzte.

Begi bistakoa da: halako estrategia global moduko bat ezarri da hirirako, hiria ekonomiaren eta merkatu deritzenen zerbitzura jartzeko, eta ez pertsonen zerbitzura. Parte Zaharraren egoera ikusi besterik ez dago: 2004 eta 2017 bitartean, biztanleria %8,9 jaitsi da. 6.401 biztanle ginen 2004an, eta 5.832, berriz, 2017an. Aurreikuspenen arabera, 5.400 biztanle inguru geldituko gara 10 urte barru (-%7). Okerrena gazteen egoera da: auzotik kanpora jo beharra dute emantzipatu nahi izanez gero, eta, behin auzotik aterata, ez dira gehiago itzuliko. Horrela, zahartzen ari da auzoa, eta tragedia ezin gordinagoa dakar horrek: gure komunitatearen kolapsoa. Biztanleen herenak baino gehiagok 60 urte baino gehiago dituzte. %9,36k dituzte 80 urtetik gora. 340 etxebizitza daude erabili gabe gelditzear. 452 etxebizitza potentzialki huts.

100 biztanleko 4,32 taberna eta jatetxe ditugu. Biztanleen %30,2 bizi dira elkartetatik 50 metro baino gutxiagora dauden era horretako 6 establezimendutik gorako kontzentrazioa duten eremuetan. Parte Zaharraren egitura ekonomia aldatu egin da. Txikizkako salmenta %9,2 jaitsi da, eta ostalaritza jarduera, berriz, %5,7 igo (253 establezimendu daude). 190 etxebizitza turistiko, 62 pentsio, 3 hotel, eta beste 2, eraikitzen. Turismorako plazen kopurua auzoko biztanleen kopuruaren %20tik gorakoa da.

Hondakinen kudeaketa kaotikoa eta kaskarra. Gure intimitatea urratzea, osasun eta ingurumen arazo larriak, zarata foko iraunkorrak eta ugariak gure kale, atari, patio eta etxebizitzetan.

Espazio publikoaren sekula ez bezalako inbasioa eta pribatizazioa, eta paisaia historikoa hutsaltzea.

Biztanleentzako proiektu estrategikoak garatzeko ekipamendu espezifikorik eza.

Udalaren axolagabekeria, ordenantzak eta ikuskapenak betearazteko eta haiek betetzen diren kontrolatzeko eraginkortasunik eza, dagozkion funtzioak ez betetzea.

Horrek guztiak are gehiago larriagotu ditu arazoak, eta atzerabiderik gabeko puntu batera eraman dute Parte Zaharra. Azkenik, parke tematiko bihurtu dute. Parte Zaharra ez da auzo bat, turistentzako atrakzio hutsa baizik. Biba, opor hiria! Lisa Wollmerrek «kolonialismo urbano berria» deritzona.

Seguru asko, izango da hori hala izatea nahi duenik, onura ekarriko dion higiezinen esparruko abenturaren bat hasteko eta garai batean suntsitu zuten auzoaren berritzaile modura agertzeko. Denborak esango du.

Auzo elkarteak ez geunden «etsai global» honi aurre egiteko prestatuta, iritzi publikoa ez da jabetzen arazoaren benetako heinaz, eta denbora asko galdu dugu, denbora zinez preziatu bat, arazoari heltzerako.

Añadir Comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *