Eihar Egaña, Bizilagunekin «Araudiak murriztailea izan behar du»

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someonePrint this page

Irati Salsamendi 2020/01/24

Turismo ereduarekin kezkatutako donostiarren plataforma da Bizilagunekin taldeko kidea da Eihar Egaña Garcia (Donostia, 1988), eta Etxe Turistikoen Ordenantzaren baliogabetzeari buruz hitz egin digu

Nola baloratzen du Bizilagunekin plataformak Etxe Turistikoen Ordenantzaren inguruko sententzia?

Udalak oso modu traketsean jorratutako bide baten amaiera izan da. 2017az geroztik, turismoak hirian eragiten dituen ondorioen inguruko eztabaidak indarra hartu zuen herritarren artean. Gainera, talka bat egon da bi kolektiboren interesen artean: alde batetik, hotelen jabeak, eta, bestetik, etxe turistikoen jabeak eta etxe horien salerosketarekin espekulatzen dutenak. Eta hain zuzen, talka sortu da biek eragin nahi izan dutelako udal agintariengan, legedia bere alde jartzeko. Argi eta garbi, ordenantza eta ikuskapenerako lantaldea martxan jartzerakoan, hotelen jabe eta sustatzaileak atera ziren garaile.

Etxe turistikoak Hiri Ordenamendurako Plan Orokorraren baitan erregulatuta zeuden, eta ordenantza hau ez zen tresna egokia arautze horretarako, epaiak esan duen bezala. Hitz lauetan esateko, txapuza bat izan zen, eta orain nahaste-borraste juridiko batean sartuta dago udala. Okerrera jo dezake egoerak, ordenantzaren bitartez baimendutako etxeen jabeek, ordenantzatik kanpo geratutakoek edo etxe turistikoen jardueraren eragozpenak pairatu dituzten bizilagunek ekinbide judizialak hasten badituzte.

Egonezina sortzen digu epaiak, hurrengo araudi bati begira jarduera ekonomiko honen arautze publikoa zenbaterainokoa izan daitekeen ez duelako garbi adierazten. Badakigu Merkatuen eta Konpetentziaren Espainiako Batzordea araudien kontra jotzen ari dela sarri. Gure iritziz, administrazioari dagokio etxebizitza eskubidea arriskuan jartzen duen jarduera oro ezeren gainetik mugatzea.

Bilbon, esaterako, etxe turistikoak lehen solairuan soilik jarri daitezkeela erregulatu zuen udalak. Badaude beste erreferente batzuk?

Badaude, bai. Bartzelonan, adibidez, udalak lizentzia berrien esleipena eta etxe turistikoen gehiagotzea etenda dauka epe batez. Palman, isolatutako etxeek eta txaletek soilik izan dezakete erabilera turistikoa. Londresko udalak ere mugapena jarri du: erabilera turistikorako etxebizitzak urtean, gehienez, 90 egunez alokatu daitezke. Ereduak asko dira eta, gainera, nahi adina asmatu daitezke. Kontua da zein helburu bilatzen den erregulazio horrekin, eta zein tresna baliatzen diren. Donostiaren kasuan ez da asmatu ez batean ezta bestean ere.

Eusko Jaurlaritzaren 101/2018 dekretuak dio udalen eskumena dela etxe turistikoen erregulazioa. Dekretuan etxe turistiko edo gela bat eskaintzeko bete behar diren irizpideak agertzen dira: etxea nolakoa izan behar den, turismo sailean erregistratzeko beharra, ogasunarekikoak… Bilbon eta Donostian, dekretu horren garapen gisa araudi propioak landu dira.

Bestalde, garrantzitsua da aipatzea jabetza horizontalaren legeak etxejabe komunitateei hainbat eskumen ematen dizkiela. Bizilagun komunitateek aukera dute beren estatutuetan sartzeko atari batean etxe turistikoak zabaltzeko debekua. Askok ez dute ezagutzen legeak ematen duen aukera hau. Etxejabeen hiru bostenen baiezkoarekin onartu daiteke aipatutako debekua, etxe turistikoak edo bestelako negozio tertziarioei gure eraikinaren atea ixteko.

Zein eragin izan zuen hirian ordenantzaren onarpenak?

Erabilera turistikorako etxebizitzak egoteak eragin zuzena du hiri bateko alokairuen prezioetan. Hori aitortzen dute mundu osoko ikerlari eta adituek, baita Turismoaren Mundu Erakundeak ere. Donostian, alokairuen prezioen egoera, eta, bereziki, gazteek etxebizitza duina eskuratzeko ezintasun orokorra larria da. Horrez gain, elkarbizitza arazo larriak sortzen dituzte etxebizitza horiek sarri.

Plan Orokorrak erabilera turistikoko etxebizitzak soilik lehen solairuan baimentzen zituen. Baina erabilera turistikoko etxebizitzen alokairu-plataformak (Airbnb eta besteak) hedatzean etxe asko zabaldu ziren hilabete gutxian. Eta hala gertatu zen Donostian. Ehunka etxeren iragarkiak aurki zitezkeen plataforma horietan, nahiz eta askok ez zuten araua betetzen. Funtzionamenduan zeuden etxe horiek guztiak legez kanpo egonik, eskaintzatik atera eta zigortu ordez, asko erregulatzeko bidea zabaldu zuen ordenantzak. 900 etxe legal berri sartu ziren ordenantzak zabaldutako atetik.
Larria iruditzen zaigu, halaber, hiria hiru zonaldetan antolatu zuela, eta zonalde horien konfigurazioa modu erabat arbitrarioan erabakia izan zela. Ez zuten publikoki azaldu zein irizpideren arabera erabaki zuten hiriko zein gune kokatu eremu saturatuan, bigarren eremuan ala hirugarrenean.

Zergatik da garrantzitsua etxe turistikoak lehen solairuan soilik egotea?

Etxe kopuruari muga bat ezartzeko modu bat da, baita egon daitezkeen elkarbizitza arazoei erreparatzekoa ere, adibidez, eskailera eta igogailuetako zaratak. Donostian hori da 2018a arte indarrean zegoen araudia, baina ez da jarduera turistikoko etxebizitzak mugatzeko modu bakarra. Beste bide batzuk egon daitezke.

Udalak dio 1.200 etxe turistiko daudela hirian. Zuen datuek zer diote? Zein da gaur egun hiriko etxe turistiko eskaintza?

Datu fidagarriak eta eguneratuak eskuratzea zaila da. Bide horretan, sekulako lana egin dute hainbat eragile boluntariok, besteak beste, Montera34 taldeak egindako tailer parte hartzaileetan. Guk Inside Airbnb plataformak eskaintzen dituen datuak baliatzen ditugu (2018ko azarokoak). Gaur egun, Donostian erabilera turistikoko 1.472 etxebizitza eskaintzen direla diote datuek. Horietako %71ren kasuan etxebizitza osoa alokatzea eskaintzen da; beste %29an gela bakarraren alokairua eskaintzen da. Gaur egun, gau bateko alokairuaren batez besteko prezioa 139 eurokoa da.

EAJren eta PSE-EEren gobernuak abenduan iragarri zuen Donostiako Hiriaren Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko prozedura abiatu zutela, lehen solairuko legea ezabatzeko. Zein izan beharko luke Etxe Turistikoen Ordenantzaren inguruko sententziaren ostean udalaren jarrera?

Guk oso garbi dugu etxebizitzak bizitzeko direla, ez negozio egiteko. Administrazio publikoek printzipio hori jarraitu beharko lukete beti. Donostian arazo handia dago etxebizitzarekin. Batzuen etxebizitza beharra eta besteen negozio gosearen artean ez dago erdibiderik.

Hiria desazkunde turistikoaren norabidean jartzeko ordua heldu dela uste dugu. Aukera aparta dago. Nolabait arautu beharko da eta nahiko genuke prozesu garden baten bidez egitea. Ez dugu nahi araudia lobbyen eta interes partikularren arteko lehia zikinaren ondorioetatik sortzea.

Plataformak eskaeraren bat dauka honen inguruan?

Araudiak murriztailea izan behar duela uste dugu. Gaur egun dauden etxe turistikoetatik abiatuta, hauen desagertzeraino urrats progresiboak emango dituen araudi baten alde egiten dugu. Era berean, etxeak ugaritzeko aukera ematen duen araudi baten aurka gaude. Pasa den urtean Bizilagunekin plataformak aurkeztutako Hamasei proposamen desazkunde turistikorantz dokumentuan biltzen denetako bat da.

Bide batez, ordenantza onartu zenetik hona, Parte Zaharrean Bizi eta Kaleratzeak Stop taldeek egin duten lana azpimarratu eta goraipatu nahi dugu. Elkarlanean jarraituko dugu aurrerantzean ere, Donostiaren turistifikazioaren aurka eta etxebizitza eskubidearen alde, besteak beste.

Añadir Comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *