DONOSTIAKO ALDE ZAHARRA: REQUIEM (2)

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someonePrint this page

JOSÉ IGNACIO ANSORENA 2020/01/15

Turismoaren kode etikoa sinatu du Euskadik. Dudarik baduzue, entzun egunero goizez Euskadi Irratia. Horrela jarraitzen du iragarkiak: Turismo hobeago batek gizartea hobetu egiten du. Errespetua bisitatzen gaituztenengan, berdintasuna, tolerantzia, ingurumenaren, gure kulturaren eta hondarearen babesa. Bikaintasunaren eta pertsonen eskubideen sustapena. Gustu txarreko txantxa ematen du horrelako testu txar, gezurtero eta neurri gabea behin eta berriz entzun araztea gure irrati publikoan. Prestatu duenak uste izan behar du entzuleak babuak garela, bestela ez baita ulertzen beltza txuria dela sinistarazteko horren ahalegin grazia gabea.

Turismoaren Laudatio eskas honekin batera beste axioma faltsu batzuk ere zabaltzen dira alde guztietatik. Turismoa ekonomiaren motorra omen da. Ahaztuta, motor kutsakorra dela zehaztea. Aberastasuna omen dakar. Ohartxoa jarri gabe: gutxi batzuentzat dakarrela aberastasuna. Gehiengoei miseria eta enbarazua.

Turismoa gripea bezalakoa da. Giroan dago birusa eta ez dago guztiz ihes egiterik. Saiatu behar da ez gaitzan harrapatu: arrisku taldeek txertoa hartuta, eskuak sarri garbitu, gaixoen inguruan tentuz ibili… Kutsatzen bagaitu, likidoak edan, parazetamola… Baina ez da dudarik: osasunarentzat kaltegarria da. Ehundaka miloi pertsona munduan batetik bestera mugitzen eta tankera guztietako kontsumoak, bereziki energetikoak, handitzen, ez dute alarma klimatikoa baretzeko mesede egiten, kontrakoa baizik.

Donostiako Parte Zaharra turismoaren birusak gripatuta dago aspaldi honetan. Eta ondorioz, biztanleak gaixorik, larri. Zer kontatuko zuen gure alkateak Madrilen Klima aldaketaren batzarrean? Han erakutsi omen zuen Donostiako plan berezia, zein da? Auzo honetan zabor eta zarata guztia biltzea, biztanleak uxatzea, desmasa guztiak egiteko libertadea ematea? Horrela besteetan lasaitasunez biziko dira? Antxoak bagina, biomasa aztertuko lukete eta arrantzarako debekua aginduko; hartz panda bagina, babestu egingo gintuzkete, neurri benetan eraginkorrak erabakiko, isun benetakoak jarriko… Auzo soilak gara ordea. Ordezko asko daude beste barrioetan ere. Irudipena dut gure auzo honetatik biztanleak bota nahi gaituztela. Hobeto moldatuko lirateke berrehun bat figurante baleude. Gainera, horrek lanpostuak sortuko lituzke.

Gaztelako Kontseiluko Fiskalak, Nafarroan gaztelania zabaltzeko ahaleginean honelako ordena idatzi zuen 1716 urtean: «utilizar instrucciones y providencias muy templadas y disimuladas, de manera que se consiga el efecto sin que se note el cuidado». Gurean antzeko zerbait egiten ari dira. Disimuloan, baina nabaritzen da, ederki nabaritu ere.

Eskualde batzuetan debekatu dituzte tabernetako terrazetan berotzeko kokatzen diren perretxiko berogailu handi horiek, kutsakorrak direlako. Gaia hemengo prentsan agertzean, Ostalaritza Federazioko ordezkari batek esaldi ponposoa bota du: Tabernetako terrazak babestu behar ditugu, gure kulturaren parte direlako. Horren kontra aritzea, gure sozializatzeko moduaren aurkako erasoa da. Nik bestelako kultur moduak ezagutu ditut gure kaleetan, tabernek azken urteotan fagozitatu dituztenak: esaterako, euria ari zuenean, ez bustitzearren, oinezkoak etxeen fatxaden ondotik ibiltzea. Egun ezinezkoa, tabernek jarri dituztelako mahaitxo eta aulkiak. Auzotarra busti dadila edo aterkia eros dezala.

Tabernetan sozializatzeko aspaldiko ohiturari buruz asko esan genezake. Nagusiek, langileek eta bezeroek elkar ezagutzen zuten, bakoitzak oso modu desberdinak zituen denean (dekorazioa, pintxoak, edariak, orduak…), auzoek elkar topatzen zuten horietan… Oraingo Alde Zaharreko tabernen kultura hori al da? Errespetua bisitatzen gaituztenengan berdintasuna, tolerantzia, ingurumenaren, gure kulturaren eta hondarearen babesa. Bikaintasunaren eta pertsonen eskubideen sustapena. Hori Alde zaharreko biztanleei kontatzea iraina da. Herri honetan Justizia egiteko sistema txukunik balego, auzoarekin egin digutena auzitara eraman liteke. Eta irabazita legoke. Baina hemen ez. Alferrik baita.

(Jarraituko du).

Añadir Comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *