Bizitzeko hiriak

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someonePrint this page

Goizalde Landabaso 2020ko martxoak 10

Martxoaren 28an argiak amatatuko ditut. Osterantzeko arrazoiekin nahi nizueke idatzi, baina ondo hausnartu ondoren, eta nire gogotik haratago dauden arrazoiak medio, puntu eta amaierarako ordua dela erabaki dut». Bilboko erdigunean kokapen ezin hobean dagoen denda txiki bateko erakusleihoan irakur daiteke oharra. Gaua zen oharra ikusi nuenean, eta beste bi egun joan zitzaizkidan dendara sartu arte. Emakume bat zen jabe eta ekintzailea. Alokairua gehiegi igo diote urtea hastearekin, azken tanta, eta dagoeneko ezinezkoa egiten zaio negozioari eustea. Ekintzaile izan zaitezke, baina gero errealitatea dago. Gasteizko Jakintza liburu denda ere itxi egingo dute. Gure hirietako eta herrietako denda asko itxi dituzte. Bizi naizen hiriko alde zaharra ez da nire ume garaiko alde zaharra. Hura bizia zen, komertzio askotarikoa, eta gainezka egoten zen. Edozer gauzaren bila joan zintezkeen eta aurkitu. Gaur egun, oro har, beste edozein hiritan aurki zenezakeena dago, ez dago bertan soilik dagoen komertziorik. Inor ez da halako dendan baino ez dagoen zer hori erostera etorriko. Hauxe da dagoena; etsigarria, esango dizu askok.

Gentrifikazioan aditu den Lisa Vollmerrek uste du badirela interesgune zehatz batzuk gentrifikazioa garapen natural gisa agertu nahi dutenak, baina ondo argi uzten du ez dela naturala. Interesgune horiek erantzukizuna banatu egiten ei dute maisuki beraiena ia osoan den erantzukizuna samurtzeko. Jan Gehl danimarkar urbanista ezagunaren esaldi bat datorkit gogora, elkarrizketa batean irakurri nuen: hiri batean bizitzea etxebizitza bat izatea baino gehiago da. Biek uste dute neurri politikoak hartu behar direla eta hiritar eta biztanleentzat eraiki behar direla hiriak. Agian komunitate trinkoak sortzea da etorkizuna, beraiek esaten duten gisara, eta beharbada horra ailegatzeko modernitatea deritzon horren gainetik begiratzen hasi beharko dugu, konplexurik gabe.

Añadir Comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *