Bizilagunen eta hotelen arteko liskarrak Bartzelonan

2017ko maiatzaren 10a Lukas Barandiaran San Roman

Arrautzak, ke-potoak, eta identifikazioak izan ziren ostiralean Bartzelonako Poble Nou auzoko bizilagunek bi hotelen eraikuntzaren kontra egin zuten manifestazioan. Ez da lehen aldia; kontrara, geroz eta gehiago errepikatzen ari den irudia da.

Ens Plantem plataformak deituta egin dute manifestazioa, eta salatu dute presio turistikoaren eraginez alokairuen prezioak oso garestiak direla eta bizilagunak kanporatzen ari direla, El Periodico-k eman duen albistearen arabera. Gainera, 600 pertsonarentzako lekua izango duten hotelen eraikuntzak pitzadurak eragin ditu inguruko eraikinetan.

Manifestazioan zehar arrautzak eta pinturaz betetako globoak bota zituzten hotelen fatxadetara, eta ke-potoak jarri zituzten sarreretan. Gainera, manifestazioa hotelak eraikitzen ari diren orubeetara joan zen eta okupatu egin zituzten sinbolikoki. Manifestazioaren amaieran, Mossoek manifestariak jarraitu eta zortzi pertsona identifikatu zituzten, Ens Plantemen oharraren arabera.

Ez da lehen aldia bizilagunen eta hotelen arteko liskarrak sortzen direla Bartzelonan, El Periodico-k dioenez. Gracia auzoan dagoen hotel batek «erasoak» salatu ditu. Abendutik hona erakusleihoak eta sarrerako altzariak hautsi dizkiote, eta hainbatetan pintura bota eta pintaketak egin dizkiote.

argia

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.