Azken zutabea izanik kontuak garbitu behar dira. Zein da Merced kaleko inbentarioa?

Aitor Etxarte 2017-06-12

Lurrean milaka zigarrokin, lurrera begira igaro diren erromesak, turistak inora begira, ordu txikietan egindako pixa, garai bateko egoera polizialaren nostalgia, erosketen zamarekin atsoak etxerako bidea, musikaren iragarki komertzialak paretetan, alde egin duten auzokide askoren hutsa, neska-mutilak bizikletan egunsentian, edari banatzaileak zalapartaka, eskale beltz ezagunak, liskarrak teilatuetan egindako obren kontura, droga guztien apologia axolagabea, Potoliren behorraren arima trostan, jai alternatiboen espektroa alternatiba bila, xoxoak kantaka goizero, kale-garbigailuaren zalaparta, auzotarrei bizkarra eman digun Udala, prozesioaren argizari arrastoa, aire hotza, tabernari agintzailea negozio atarian, aire epela, gaueko pijo-andana, sargoria, pantailari begira morroien joan-etorria, erraldoien urteroko bisita hildakoen laguntzaz, hautsa eta oliba hezur umezurtzak.

Goethek, nor bestela, Egmonten bukaeran idatzi zuen: “Denboraren eguzki-zaldiek (..)kotxe arinean daramate gure patua, eta guri bridak kemenez gobernatzea dagokigu, orain eskuinera, gero ezkerrera, gurpilak hemengo harritik aldentzeko eta hango amildegitik urrutiratzeko. Nora doa kotxea? Nork daki? Nondik datorren ere ez du gogoratzen”.
Urte bete zahartu gara.

logoa

 

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.